XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begirada arretatsu bat eskaini nion liburuko marrazkiari, beste azkar bat beiratekoari, eta liburua itxi nuen.

- Zer eman nahi didazu aditzera?

Zure liburuxkako bi zaldi horiek nire beirateko zaldien antza dute.

Beiratea egin zuenak marraz zezakeen liburuko bikote hori ere.

Ez da mirari! -eta liburua itzuli nion.

Arrotza, ordea, liburua ostera zabaldu, eta nire ondoan jarri zen.

Zarpa zerion arrotzaren arropa guztiari, obramendu eta ustel usaina haren gorputzari.

Arnasari eutsi nion.

Azkazal belztu batek seinalatu zidan bi irudien arteko desberdintasuna.

Liburuko zaldi parea eta beiratekoa berdintzat jo zitezkeen, xehetasun bat gora-behera: liburuko ezkerreko zaldiak guregananzko aurreko hanka ageri zuen jasota, eskuinekoak, aldiz, irudiaren hondokoa zeukan altxaturik; beirateko zaldiek, ordea, guregananzko bi hankak zituzten jasoak.

Bi marrazkien goiko zein beheko aldean, bestalde, oso letra txikiz, latinezko esakizun bera irakur zitekeen: Fugite partes adversae ut complexus non siat similis morte.

Bi irudiak parekatu nituen, eguzkitan distiratsu beiratekoa, esku askoren erabilerak koipeztua liburukoa.

Buruaren mugimendu labur batez adierazi nion ezinbesteko zitzaidana: ohartzen nintzela desberdintasunaz.

Eta erantsi nuen:

- Beirateko irudi horrek ez dauka zure liburuko marrazkiaren simetriarik.

Aldeak daude.

Latinezko esakuneari, aldiz, arrotzak ez zion inolako garrantzirik eman, eta neuk ere ez nion ezer adierazi garbi asko uler zitekeen mezu hartaz: zaldi bat beltza, bestea zuria, hobe dute etsaiek elkarrengandik aparte ibiltzea.